Langile, ikasle, nekazari, guraso gisa idazten dugu hau; palestinar gisa, palestinar queer gisa. Ez dugu testu hau idazten gure queertasunak berezi bihurtzen dituelako gure posizioak, baizik eta, queer gisa bestetuak izan garen modu berean, taktika patriarkal kolonialei aurre egin behar diegulako orain, palestinar queer gisa are gehiago alienatu nahi gaituztenak. Sekulako ahalegina egin behar dugu gure hitzak eta energiak hemen biltzeko. Gorputz palestinarren gaineko basakeria eta sarraski une ikusgarri hauetan —bortxaketak, torturak, lesioak eta mutilazioak barne—, gaixotu egiten gaitu dolutik eta antolakuntzatik desbideratu behar izateak eskaera hau egin behar izateko.
Urriaren 7az geroztik, genozidio azeleratu baten lekuko izan gara Gazako Zerrendan eta Palestinako leku guztietan. Genozidio hori lotsagabeki eta publikoki aldarrikatu dute hainbat aldiz Israelgo gobernukide eta militarrek. Israelgo estatuak eta haren aldekoek egindako izugarrikeria basati eta hiltzaileen tamainak gero eta baldintza gogorragoak sortzen ditu Palestinan bizirik jarraitzen dutenentzat, egunero, edonon. Basakeria hau munduko liderren laguntza ekonomiko, militar, diplomatiko eta politiko jarraituaren bidez mantendu da, historikoki eta gaur egun. Jaso, dokumentatu eta kontatu egiten ditugu erregimen sionistaren haserre suntsitzailearen eskutik azken 75 urteetan izandako ehunka sarraski katastrofiko; Deir Yassin eta Tanturako sarraskiak (1948), zeinetan oinarritzen den Israelen sorrera; Kafr Qassem-eko sarraskia (1956); Sabra eta Xatilako sarraskia (1982), gutxi batzuk bakarrik aipatzeagatik. Mugimendu politiko eta sozial askatzaile batek ere ezin du bizitzarik eta duintasunik lortu, baldin eta Israelgo heriotza-makina genozidarekin bat egiten badu. Odolaren gainean sortu zen Israel, eta odolaren bidez mantentzen da.
Une honetan, eta urte luzez egin duen identitate-politika liberalen erabilerarekin bat etorriz, Israelek queer gorputzak baliatu ditu Palestinari edozein babes ematea oztopatzeko eta kokalekuen proiektu kolonialari buruzko edozein kritika saihesteko. Israeldarrek (politikariek, erakundeek eta “zibilek”) dikotomia kolonialak erabiltzen dituzte palestinarren aurkako erasoak legitimatzeko, hala nola “zibilizatua” eta “barbaroa”, “gizakia” eta “animalia”, eta beste binarismo deshumanizatzaile batzuk. Erretorika kolonial horren bidez, Mendebaldeko gobernuen eta gizarte liberalen babesa lortu eta mobilizatu nahi du Israelek, eta, horretarako, askatasuna, aniztasuna eta giza eskubideak errespetatzen dituen nazio gisa aurkezten du bere burua, zeina gizarte “munstro” eta “zapaltzaile” baten aurka borrokatzen ari den. Argi eta garbi islatzen dute hori Israelgo Lehen Ministroaren adierazpenek: “Borroka bat dago argiaren seme-alaben eta ilunpeen seme-alaben artean, gizateriaren eta oihaneko legearen artean”.
Adierazpen lotsagabeki arrazista eta genozida horiek egiten dituzten bitartean, aktibistak isiltzen, haiei jazartzen, atxilotzen eta kriminalizatzen ari dira Palestinan eta nazioartean; langileak beren lanpostuetatik kaleratzen ari dira, eta unibertsitateetako ikasleak zigortzen. Palestinarekiko elkartasuna adierazi duten nazioarteko ekintzaile feministek eta queerrek sionisten erasoei eta jazarpenei egin behar diete aurre, izan ere, sionisten arabera, palestinarrek berek «bortxatu» egingo lituzkete eta «burua moztu»ko liekete Palestina babesten dutenei, zer eta emakume eta queer izate hutsagatik. Hala ere, sarritan, sionismoak bortxaketa eta heriotza nahi ditu preseski Palestinarekin solidario diren emakume zein queerrentzat. Brutalizatutako gorputzen gaineko fantasia sionistek ez gaituzte harritzen, gure larruazalean eta espirituan jasan izan ditugu eta. Baina ez dira inoiz nekatzen beren zitalkeria esplizitua puzten. Kontua are zentzugabeagoa da era horretako markoak gizarte palestinarraren aurka eraikitzen direnean; izan ere, lekukotza, txosten eta dokumentazio ugari dago 75 urteko okupazio militar israeldarrean palestinarrek jasan behar izan duten sexu-indarkeriaren harira. Esaterako, milaka preso palestinarrek, gizon zein emakume, sexu-tortura eta bortxaketa jasan dute Israel sortu zenetik gaur egunera arte; eta hor dago, halaber, Zisjordaniako palestinarrek kolonoengandik jasotzen duten eguneroko indarkeria gero eta handiagoa; palestinar bahituak torturatzen beren burua grabatzen dituzten Israelgo “zibilen” TikTokeko joera; eta Israelgo militarrek sare sozialetan argitaratutako azkeneko irudi ikaragarriak: soldaduek eta kolonoek gure gorputzetan eragiten duten tortura eta sexu-abusuaren maila dokumentatzen dute horiek denek, gure sexu-orientazioa eta generoa zeinahi izanik ere (Palestinako bizitzaren gaineko nagusitasun sionistaren parte sistematiko eta estrukturalak dira indarkeria-mota guztiak, sexu-indarkeria barne). Eta, hala ere, Israelgo gizarteak queertasuna arma gisa erabiltzen jarraitzen du gerra eta errepresio koloniala justifikatzeko; haien bonbak, apartheid hormak, pistolak, aiztoak eta hondeamakinak selektiboak balira bezala nor kaltetu aukeratzeko orduan, sexualitatearen edo generoaren araberakoak.
Ez dugu onartzen instrumentalizatu ditzaten gure queertasuna, gure gorputzak eta pertsona queer gisa jasaten dugun indarkeria, zer eta gure komunitateak demonizatzeko eta deshumanizatzeko, bereziki ekintza inperialista eta genoziden zerbitzura. Ez dugu onartzen ezein gizarte kolonizaturi humanitatea esleitzeko parametro bihur daitezen sexualitate palestinarra eta sexualitate dibertsoen inguruan palestinarrek dituzten jarrerak. Bizitza merezi dugu gizakiak garelako, gure inperfekzio ugariekin, eta ez gizatasun liberalaren forma kolonialetatik hurbil egoteagatik. Ez ditugu onartzen taktika kolonial eta inperialista horiek zeinek, gure queertasuna aitzakiatzat hartuta, gure gizartetik alienatu nahi gaituzten, eta gure gizartea gugandik alienatu. Zapalkuntza-sistema interkonektatuen aurka ari gara borrokatzen, tartean patriarkatua eta kapitalismoa, eta gure autonomia-, komunitate. eta askapen-ametsak gure autodeterminazio-nahiari lotuak daude zeharo. Ezin da askapen queerrik lortu kolonizazioarekin, eta ezin da elkartasun queerrik bultzatu menperatzen gaituzten egitura arrazista, kapitalista, faxista eta inperialistekiko itsu geratzen bada.
Dei egiten diegu mundu osoko aktibista eta talde queer eta feministei, elkartasuna adieraz diezaioten herri palestinarrari, nahitaezko desplazamenduaren, lur-lapurretaren eta garbiketa etnikoaren aurkako erresistentzian, eta kolonialismo sionistaren aurrean beren lurrak eta etorkizuna askatzeko borrokan. Dei honi ezin zaio erantzun soilik manifestuekin bat eginez edo babes-gutunak sinatuz, baizik eta Palestinako eta mundu osoko borroka dekolonial eta askatzaileekin konpromiso aktiboa hartuz. Gure eskaera eztabaidaezinak honako hauek dira:
• Errefusatu Israel finantzazeari, uko egin Israelgo erakunde guztiekin lankidetzan aritzeari eta bat egin BDZ mugimenduarekin.
• Greba: Isilean edo publikoki, ukatu zure eskulan esplotatua palestinarren aktibismoa isilarazteko edo kolonizazio militarra eta genozidioa finantzatzeko eta babesteko erabiltzea.
• Egin ezazu hainbat hamarkadatan queer antikolonialistek egindakoa: berreskuratu narratiba eta ezarri elkarrizketaren terminoak, oraingoan Palestinari buruz. Palestinan gertatzen ari dena genozidioa da. Israel kokaleku-kolonia bat da. Palestinarrak militarki okupatutako eta kolonizatutako gizartea dira. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, Israelek ez du eskubiderik okupatzen duen biztanleriarengandik “defendatzeko”, eta palestinarrek, berriz, okupazioaren aurka erresistitzeko eskubidea dute. Su-etena exijitzea da Israeli gizateriaren aurkako krimenen erantzukizuna leporatzeko lehen urratsa. Halaber, Gazako setioa amaitzea eta kokaleku-kolonia sionista desegitea eskatu behar dugu.
• Jar zaitez harremanetan zure tokiko ordezkariekin eta presioa egin, genozidioa finantzatu ez dezaten eta Israeli ematen dioten laguntza militar, diplomatiko eta politikoari amaiera eman diezaioten. Argi eta garbi hitz egin Palestinarekiko elkartasunaren etengabeko kriminalizazio konplizearen aurka, bai eta Europako antisemitismoak ahots palestinar eta arrazializatuen gainean egiten duen proiekzio kolonial eta islamofoboaren aurka ere, bereziki Frantzian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Alemanian ikusten ari garena. Erresuma Baturako plantilla; AEB.
• Kale nagusiak blokeatu. Eserialdi/kontzentrazioak antolatu metro edo tren-geltoki garrantzitsuenetan. Merkataritza-fluxua eten. Konplazentzia ez da aukera bakarra.
Gu, palestinar queerrak, gure gizartearen zati integrala gara, eta zera jakinarazten dizuegu: Jerusalemgo kalezulo izugarri militarizatuetatik Huwarako lur kiskalietaraino, Jaffako kale bijilatuetatik igaroz eta Gazako setio-harresiak zeharkatuz, ibaitik itsasoraino, Palestina libre da izango.